XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lehengoetan, mamut haundia eta adarbakar iletsuak zebiltzan hemen; bai eta arrangifera eta hartzak ere.

Horiez gainera, zaldiak, zezenak, oreinak, basahuntzak, orkatzak, basakerrak, ahuntzak, basurdeak, sarrioak, erbiak, e.a..

Hegaztiak ere izentatzekoak dira, batez ere pago-usoak, eperrak, faisanak, beleak, beltzurdak, zozoak, harfangak (elurretako gauontz zuri bat), ahateak, arranoak eta ontzak.

Ihizi horien hezur eta aldi beroko gizakien lanabes, ertilan, kutun eta marraztura asko ditugu Euskal Herrian agertuak, batez ere Bolinkoban, Santimamiñen, Atxetan, Lumentxan, Abittagan, Ermittian, Urtiagan, Ekainen, Altxerrin, Aizpitarten, Torren, Alkerdin, Berroberrian, Isturitzen, Etxeberriko karbian, Sasixiloagan, e.a.

(ikus 30. irudia).

Aldi luzea baitzen, aldakuntza batzuk gertatu ziren bitartean, lanabes, kutun eta ertilanetan batez ere.

Hori dela eta, hiru une edo mende berezten ditugu, Madeleine aldiko aldakuntzei buruz.

Urtiagan ordea, bost mailatan ageri dira aldi artako aztarnak. Hara nola.

Lehenik, suharrizko igeki asko: batzuk gainetik koska luzez landuak Solutre aldiko orrien tankeran; besteak mutur zorrotzdunak, bai eta ertz edo bizkar malkortua duten igeki eta ziritxoak ere; marruxka konkortuak, biribilak, igeki burukoak eta zokonak; buru buruko zulakaitzak eta buru bazterrekoak.

Suharrizkoekin dabiltza hezurrezko langaiak ere: eztenkidekoak, asko beren oina, alde batetik nahiz bietatik, mihiztoduna dutenak;(...).